Arlen Siú

Arlen Siú

Bizitza
JaiotzaJinotepe, 1955eko uztailaren 15a
Herrialdea Nikaragua
HeriotzaEl Sauce (Nikaragua), 1975eko abuztuaren 1a (20 urte)
Heriotza moduaborrokan hilda
Jarduerak
Jarduerakegile abeslaria eta iraultzailea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaNazio Askapenerako Fronte Sandinista

Arlen Siú Bermúdez (Jinotepe, Nikaragua, 1955eko uztailaren 15a – El Sauce, Nikaragua, 1975eko abuztuaren 1a) egile abeslaria, saiakeragile eta poeta,[1] "María Rural" poema ospetsua idatzi zuen.[2] Iraultza Sandinistaren martiri ezaguna.[3]

Bizitza

Bere aita, Armando Siú, Guangdongen jaio zen, Txinan, eta Nikaraguara emigratu zuen Txinako Iraultza komunistan borrokatu ostean. Negozio-gizon arrakastatsua bihurtu zen eta ondorioz, alaba familia aberats batean hazi zen.[3][4] Ama, Rubia Bermúdez, Dolores udalerrikoa zen.[4][5]

Txiki-txikitatik, sentikortasun artistikoa eta musikarekiko zaletasuna izan zituen ezaugarri: gitarra, akordeoia eta txirula jotzen zituen; dantzatu, abestu, marraztu, poesia idatzi eta bere musika konposatzea gustatzen zitzaion.[6]

Batxilergoa amaitu ondoren, Psikologia ikasteko matrikulatu zen Nikaraguako Unibertsitate Nazional Autonomoan (UNAN).[4][6] UNANen, Pancasan izeneko taldea ezagutu zuen, musika folklorikoa jotzen zuena eta haiekin hasi zen kolaboratzen.

1972an, landa komunitateetako alfabetatze jardunaldietan parte hartu zuen, baita Managuako ikasleen gose greban ere. 1972ko Managuako lurrikara suntsitzailearen ostean, hiriburuan kaltetutakoak eta Carazo jaioterrira iritsitako errefuxiatuak artatzen aritu zen.[7]

Nazio Askapenerako Fronte Sandinistaren kidea

Hamazortzi urterekin Nazio Askapenerako Fronte Sandinistarekin (FSLN) bat egin eta ikasketak alde batera utzi zituen.[6] Egun batean, familiako inori ezer esan gabe, etxetik joan eta Leon departamenduko mendietarantz abiatu zen. Hiru egun geroago, gutun baten bidez, ama eta anai-arrebak agurtu zituen, "bera Nikaraguara hobetzera, jendeari laguntzera" zihoala esanez, egunen batean Jinotepera itzuliko zela aginduz.[4][8]

Haren abesti eta poemen bitartez Somozaren diktaduraren bahiketak, hilketak eta torturak salatzeagatik ezaguna egin zen. Bere artearen bidez, analfabetismoa, ama-haurren heriotza-tasa eta Somozaren Guardia Nazionalak emakume nekazarien aurka egindako bortxaketak ere salatu zituen. Arlenek, gainera, analisi marxista eta feministako hainbat saiakera idatzi zituen, sexu indarkeria gaitzetsiz eta Nikaraguako iraganean emakume baserritarrek izan zuten rol nagusia nabarmenduz, baita euren etorkizun iraultzailean izango zutena ere.[9] Bere musika eta idazkiak Nikaraguako sandinismorako eta emakumeen mugimendurako inspirazioa izan ziren.

Bere poema enblematikoena, “María Rural”, diktadura somozistaren garaiko landa eremuaren isla da. Ahizpetako bati eskolako lan batekin laguntzen zionean sortu zen poema.[8] Berak musikatu zuen, eta Pancasanek interpretatu zuen gero.

1975eko abuztuaren 1ean, Guardia Nazionalarekin izandako bi orduko borroka gogor baten ostean hil zuten, bere kideen erretiratzea estaltzen ari zela, FSLNren gerrillarien kanpaleku batean, El Saucetik gertu, 20 urte eskas zituen.[10] Gorpua Jinotepeko Udal Hilerrian dago.[11] Hil eta gutxira, aitak poema bat idatzi zuen, "El gran día para Arlene" izenekoa, txineraz idatzia eta gero espainierara itzulia.[5]

Arlen Siúren omenezko monumentua (Jinotepe).

Aitortza

Hil eta hilabete batzuetara, Jinotepeko ikasleek bere argazkia eramaten jarraitu zuten bandera sandinisten ondoan, Guardia Nazionalaren aurka protesta egiten zuten bitartean.[9] FSLNren ospakizunetan maiz erakutsi zuten haren irudia, Nikaragua osoan. Managua eta El Rama hirietako auzoek bere izena daramate, baita Leongo parke batek, zein herrialdeko hainbat eskola, liburutegi eta zentrok ere.

Urtero, Jinotepen, Arlenen familiak "Arlen Siú Musika Jaialdia" antolatzen du, eta hainbat kantautore nazionalek gerrillaria gogoratzen dute beren musikarekin. Jinotepeko kale batek ere "Arlen Siú" du izena.[12]

Erreferentziak

  1. «Canzoni contro la guerra: Amparo Ochoa - El zenzontle pregunta por Arlen» www.antiwarsongs.org.
  2. «Solfeo de la resistencia en Pancasán» Memorias de la Lucha Sandinista.
  3. a b Lee, Lisa. (2016). [https://digitalcollections.sit.edu/cgi/viewcontent.cgi?article=3357&context=isp_collection Instead of Silence: Chinese Nicaraguans and the Formation of Identity across Two Cultures. ].
  4. a b c d Ramos, Hamer. (14 de marzo de 2014). «Arlen Siu, un ejemplo de lucha y de solidaridad con los más pobres» El Pueblo Presidente.
  5. a b Siu, Ana. (2019-05-22). «La Mulán que nunca regresó» Niú.
  6. a b c «Arlen Siu, coraje y valentía» Arte Fenix.
  7. «Arlen Siu: valentía, entrega y amor a Nicaragua» SANDINISTAK 2018-08-03.
  8. a b Bezenzette, Rocío. (2020-08-01). «La lucha de Arlen Siu por una Nicaragua libre» Feminacida.
  9. a b Villegas, Jordan. (2021-06-04). «“La Chinita de Jinotepe”: Arlen Siu’s Life as a Poet and Revolutionary» Latina.
  10. López, Leonel. (1 de agosto de 2023). «Arlen Siu, ejemplo de valentía y sacrificio» Diario Barricada.
  11. «Arlen Siu Bermúdez (1955-1975): homenaje de Find...» es.findagrave.com.
  12. «Arlen Siu Bermúdez, una guerrillera nicaragüense en contra de la dictadura somocista... a 68 años de su nacimiento» Acercandonos Cultura 2023-07-15.

Kanpo estekak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Arlen Siú
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q2043893
  • Wd Datuak: Q2043893