Errusiar formalismo

Viktor Borisovitx Shklovsky (1893-1984) errusiar formalismoaren sortzailea.

Errusiar formalismoa Errusiako literatura kritika eskola zen, XX. mendekoa.

Historia

Bi talderen eraginez agertu zen: Opoyaza, Viktor Borisovitx Shklovskyren gidaritzapean 1916an San Petersburgon sortua, eta Moskuko Zirkulu Linguistikoa, 1915ean. Bi-biek Ferdinand de Saussureren hizkuntzalaritza teknikak erabili zituzten. Taldeak lotura handia zuen errusiar futuristekin eta kritika soziologikoaren kontrakoa zen.

Formalismoak testuaren autonomia eta literaturak duen hizkuntzaren erabilera besteak ez bezalakoa izatea azpimarratzen zuen: kritika objektiboa eta zientifikoa egitea zuen helburu. Formalistek literaturak, poesiak bereziki, hizkuntza arrunta “arrotz” bihurtzeko duen gaitasuna aztertzen zuten; hala, edukiaren gainetik, formaren eta teknikaren garrantzia azpimarratu zuten.

Kritikari marxistak formalismoaren arerio izan baziren ere, eragina izan zuen kritika hark Sobiet Batasunean 1929a arte, urte hartan kondenatu baitzuten bere lanetan ikuspuntu politikorik ez zuelako erabiltzen. Gero, Roman Jakobson hizkuntzalariaren lanari esker batez ere, eragin handia izan zuen Sartaldean, Estatu Batuetako New Criticism higikundean batez ere; zenbaitetan formalismo ere deitu izan zaio joera horri.

Erreferentziak

  • Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2016-12-14 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q742779
  • Identifikadoreak
  • BNF: 119388687 (data)
  • LCCN: sh2009001657
  • Wd Datuak: Q742779