Prostatako antigeno espezifiko

Prostatako antigeno espezifikoa (PSA moduan laburtuta, ingelesezko sigletan) prostatako zelulek ekoizten duten glukoproteina da, esperma disolbatzeko funtzioa duena. Prostataz gain, pankreak eta listu-guruinek ere kopuru txikiagoetan sortzen dute. Prostatako minbiziaren kasu askotan prostatako antigeno espezifikoaren odol-kontzentrazioa handituta dago, eta antigeno hori erabiltzen da laborategian prostatako minbiziaren adierazle gisa. Kontuan hartu behar da, baina, minbizia ez diren prostatako beste patologia batzuek ere (prostatitis, prostatako hiperplasia onbera...) PSAren odol-kontzentrazioaren igoera ere eragiten dutela.

Esperman kopuru handietan badago ere, odolean prostatako antigeno espezifikoaren kontzentrazioa oso txikia da. Gizonezko osasuntsu batean 4 ng/ml-ko baino txikiagoa da. Kopuru horretatik gora, prostatako patologia bat susma daiteke.

PSAren odol-kontzentrazioa adinarekin igotzen da. Horrenbestez, 4 ng/ml-ko odol-kontzentrazioa handia izan daiteke 50 urteko gizabanako batentzat, eta normala 80 urteko beste batentzat.

Prostatako minbizia goiz antzemateko sintomarik gabeko gizon guztiei PSA bat egitearen onurak eztabaidagarriak dira [1]. Ez da markadore tumoral ona, sentikortasun apala duelako (%65koa; hots, minbizia duten pazienteen %35etan negatibo faltsuak ematen ditu) eta espezifikotasun ertaina ere (odol-kontzentrazio handia beste patologia batzuek ere sortzen dutelako)

Erreferentziak

  1. Burgués, J.P.: ¿Qué es el PSA? Quirónsalud.com

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q409450
  • Commonscat Multimedia: Prostate specific antigen (PSA kallikrein) / Q409450

  • Hiztegiak eta entziklopediak
  • Britannica: url
  • Medikuntzako identifikadoreak
  • MeSH: D017430
  • Wd Datuak: Q409450
  • Commonscat Multimedia: Prostate specific antigen (PSA kallikrein) / Q409450